Asteburu honetan, hilak 18, AmaHiru konpainiak zaintza kolektiboa, etxebizitzaren arazoa eta galdutako laguntasunaren inguruan hitz egiten duen Etxea piezaren estreinaldia egingo du Hiriburun. Antzezlan hau Udabiltzako Geuretik Sortuak programari esker sortu da. Beka horri esker hiru asteko egonaldia egin du konpainiak Hiriburuko La Perle aretoan, estreinaldia egingo den tokian, hain zuzen ere.
Lanaren sinopsia hauxe duzue: Berrehun metro karratuko etxe batean aurkitzen gara. Sabai altuak, haritz egurrezko zoruak eta kaobazko ateak. Hemen ezkerretara egongela nagusia, lan prekarioaren ondoan. Aurrerago beste egongela txikiago bat, inoiz lortuko ez dituzun ametsez betea. Sukaldea hor parean, bidean ahaztu zenituen lagunen jangelarekin konektatua. Bi komun, amak saldu duen etxean bezala, biak bainuontzi eta nostalgiaz hornituak. Dena oso argitsua, zure etorkizuna ez bezala. Hiriko teilatu guztiak ikusten diren hiru balkoi ditu: Itsaso, Pello eta Sebas. Gure protagonistak. Logelan amona, etxe honen jabe, zaintzaile eta presoa. Bizitzera sartzeko modukoa. Aukera paregabea.
Egilea Iñaki Cid Larrea izan da eta zuzendaria Jon Ander Alonso. Oholtza gainean Eneritz Sanchez, Iñigo Elosegi eta Iñaki Cid arituko dira.
