Nontzeberri

Yoseba Peñak “Hodeien Adorea” aurkeztu du

Susa argitaletxeak Yoseba Peñaren Hodeien Adorea nobela berriaren aurkezpen ekitaldia egin du gaur goizean.

Peña 1977an jaio zen Sodupen. Zarautzen bizi da eta Donostian lan egiten du, zientzietan ikerle. Hau da bere lehendabiziko nobela.

“Plaza zokoan hil duten droga-saltzailea da nobelako kontalaria: hitzontzi jasangaitza, isekaz eta gorrotoz mintzo den sasijakintsu hastiagarria. Trapitxeroak heriotzatik begiratzen die iragan hurbileko gertakariei. Eta hiru anaiaren inguruko pasadizoak kontatuko ditu: Txefe kotxe mekanikaria, Jon unibertsitarioa eta Hodei autista.”   
Yoseba Peñaren lehendabiziko nobelak gaur egungo deskalabru baten malur eta okerrak eszenifikatzen ditu, tragedia klasikoetan bezalaxe sustatzaile darabiltzala bortizkeria, iruzurra, saldukeria, krimena.

Juan Kruz Igerabide eta Idoia Etxeberria

Beste aldetik, gaur ere Juan Kruz Igerabidek Jokin Mitxelenaren ilustrazioekin batera Serio demonio lana plazaratu du gaztetxoentzat eta gauza bera egin du eta Idoia Etxeberriak Ez dago argi lanarekin. Kasu honetan marrazki politak Eider Eibarek jarri ditu.

Gaur goizean, Donostiako elkar aretoan bi egileak eta Xabier Mendiguren (Elkar argitaletxeko editorea) lanak aurkezten izan dira.

Juan Kruz Igerabidek hauxe kontatu nahi izan du liburu berrian: “Bazen mutiko bat inoiz barrerik egiten ez zuena, beti serio demonio. Kezkaturik zeukan irakaslea. Zer gertatzen ote zitzaion? Ba ote zuen konponbiderik mutikoaren seriotasun neurrigabeak? Zer konponbide, ordea, ez zegoen-eta modurik hari irribarrerik txikiena ere ateratzeko? Eskolako psikologoak hortzetako aparatu bat jartzea gomendatu zuen, irribarrea berreskuratu ahal izateko. Ideia ona ote zen hori?”

Idoia Etxeberriak bere aldetik, hauxe: “Pareko etxean argi bat ikusi du Mireiak, gau eta egun piztuta dagoen argi bat. Berak ez daki nor bizi den etxe horretan, ezta zergatik daukan argia piztuta ere: azterketak prestatzen dabilen ikasle bat? Oporretara joan eta argiak piztuta ahaztu zituen norbait? Hilda ote dago bertan bizi zena? Gaixo? Delituren bat egiten ari ote dira bertan? Irudimena bezain jakin-min handia du Mireiak, eta bere lagun Paulekin batera misterioa argitzen saiatuko da, benetako ikerlariak balira bezala.”

Exit mobile version