Aste honetan hasita, eta martxoaren 16ra bitartean, Yorgos Lanthimos zinemagile greziarraren lanik ikusgarrienak eta berezienak pantailaratuko ditu BilbaoArtek.
Canino, Alps eta Langosta (Kynodontas, Alpeis eta The Lobster) izango dira ikusiko diren lanak. Martxoaren 2an izango da lehen emanaldia, eta Canino filma emango dute. Film honek munduaren eraginetik babesteko, etxetik atera gabe bizi den familia baten istorioa kontatzen du. Harresi handi batek inguratzen du etxea. Seme-alabak ez dira inoiz bertatik irten eta gurasoek, harresi kanpoko eragina saihestu nahirik, metodo berezi batzuekin hezten eta entretenitzen dituzte. Etxera kanpotik sartzen den bakarra, bestalde, Christine zaintzailea da. Baina badago helburu zehatz bat hori egiteko… Yorgos Lanthimosek familiaren estamentuari eraso egiten dio eta gurasoek euren seme-alaben segurtasuna bermatzeko egin ditzaketen gauzarik krudelenak deskribatzen ditu.
Zinegile greziarraren Alps (martxoak 9) filmari dagokionez, herrialde horretan egun pairatzen duten krisi ekonomiko eta sozialaren isla da. Greziar zuzendariaren lanak errealitatearen potreta krudelak dira, latzak, zakarrak. Gus Van Sant zinegilearen estilotik edaten du, eta bere filmetan isiluneek hitzen garrantzi bera dute.
Duela urte bi, film onenen artean kokatu zen bere The Lobster ere (martxoak 16). Kontakizun honetan, umore tantaz bustiriko kontakizun perbertso bat, baina maitasun istorio samur bat kontatzen zaigu. Bikoteen arteko konformismoari kritika izan liteke edo maitasunari eskainitako gorrotoz beteriko kantu bat.