Nontzeberri

Yellow Big Machine taldeak EP berria argitaratuko du

Yellow Big Machine talde bilbotarrak EP berria plazaratuko du laster, baina dagoeneko iraupen laburreko grabazio horretan bildutako I wish you came back kantua zabaldu du. Cuatro Barbas diskoetxe eta agentziaren arabera, horiz jantzitako taldeak pop, garage eta soul zertzeladak nahastu ditu kantu horretan.

Kantu bikaina iruditu  zaigu guri ere I wish you came back. Azpimarratzeko dira Belakoko Cris Lazarragak sartu dituen koruak. EP Mike Mariconda (The Excitements, New Bombs Turks, The LImboos…) ekoizle estatubatuarrak masterizatu du.

EP berriko kantuak ondoko kontzertuetan aurkeztuko dituzte: apirilaren 28an, Arrasateko gaztetxean, Kooltur Ostegunak programaren baitan; 29an, Donostiako Le Bukowskin; maiatzaren 6an, Basauriko MAZ jaialdian; 14an, Iruñeko Txintxarrian, eta ekainaren 24an, Oviedo hiriko La Salvaje aretoan.

Sergio Gil Parada (baxua), Alvaro Luna Garcia (gitarra), Roberto Villar Santos (bateria) eta Pablo Moreno Rodrigo (gitarra) dira taldeko lau musikariak, eta 2009an, I’m searching for friends euren lehendabiziko lana argitaratu zuten. 2013an, berriz, lau kantuko UPI-APA izenburuko EPa plazaratu zuten. 2014an, Here Comes the Big Fun plazaratu zuten. Taldeak 90eko hamarkadan iltzatutako rock independentea jorratzen du, noise-rock eta indie-pop estiloaren artean, “Fugazik Pavement bortxatuko balu bezala”. Horretaz gainera, estetika asko zaintzen duen taldea da: bideoklipak, disko-azalak, kontzertuetako irudia…

Exit mobile version