Nontzeberri

XX. Donostia Antzerki Sariaren emanaldia

Bihar, hilak 8, XX. Donostia Antzerki Sariaren lan irabazlea izan den Atx Teatroaren 7ak bat lana oholtzaratuko da, Victoria Eugenia Antzokian, 19:30etik aurrera. Antzerkiaren Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Donostia Antzerki Saria banatu egiten da, baina aurten, martxoaren 27an, Covid-19aren pandemiarengatik atzeratu egin da irailaren 8rako.

Eta diogun bezala, aurtengo lan irabazlea Atx Teatroaren 7ak bat lana izan da.
“Nondik dator gizakiaren gaiztakeria? Berezkoa da? Ekidinezina al da?”,  galderen inguruan jardungo dira Mirian K. Martxante, Aiora Sedano eta Estibaliz Villa aktoreak oholtzan, Iñaki Ziarrustaren zuzendaritzapean.
Obran, 2018an, 200 urte bete dituen Victor Frankenstein inspirazio moduan hartuta, gure kulturako “zazpi bekatu kapitalak” eta beste kulturetako beste hainbat hartuta, guztiekin gizaki berri bati bizia emango zaio “groteskoa, basatia, gupidagabekoa… Komedia, satira eta sarkasmoaren lengoaiarekin, guztiok alfonbra azpian ezkutatu ohi duguna agerian geratuko da”, konpainiaren hitzetan.

Atx Teatroa 2010ean sortu zen Iñaki Ziarrustaren ekimenez. Filosofia argia dutela aitortzen du zuzendariak, “distopikoa eta insurgentea den euskal kultura”, hain zuzen ere. “Baina ATX Teatroa antzerki konpainia bat baino gehiago da, antzerki sorkuntzako alor guztietan egiten duelako lan”.  Hala, kaleko edo barruko ikuskizunez gain, beste ekimen batzuk ere eskaintzen dituzte, esaterako,  aholkularitza tekniko-artistikoak, profesionalentzako ikastaro monografikoak eta eszenografia-tailerrak eta eszenografia-tailerrak.

Exit mobile version