Nontzeberri

XV. Dantza Zirkuituak, Eibar eta Hondarribira eramango ditu ikuskizunak

Gaur, irailaren 27an, bi emankizunekin dator XV. Dantza Zirkuitua: Eibarko Coliseo Antzokian Janeten titia obra eramango du oholtzara Ertza dantza-antzerki taldeak. Eta Hondarribiko Itsas Etxean, Haatik Dantza Konpainiaren eskutik, Errimak bi oinetan koreografia ikuskizuna aurkeztuko da.

Ertza taldearekin hitzordua 20:30ean izango da Eibarren eta Janeten Titia ikuskizun horretan, Janet Jackson abeslari ezagunak bere kontzertu batean bular bat erakutsi zueneko irudiak, munduari bira eman eta gertakaria eskandalagarritzat jo ondoren, epaitegietan bukatu zuenekoan oinarritutako istorioa kontatzen da. Asier Zabaletak zuzendutako ikuskizunak normala denaz eta ez denaz hitz egiten digu, gaur egungo gizarteek normaltasuna eraikitzeko duten moduaz, eta ekintza berberak batzuetan hartzen duen hainbesteko garrantziaz. Bere iritziz, “normaltasun subjektiboa da gizarteak eraikitzen duena, beti iritzi subjektiboetan oinarrituz”.
Diziplina ezberdinetako lau dantzarik -Maria Andres, Thiago Luiz Almeida, Caio Henrique de Souza eta Denis Martinez-,“gizartean ezartzen diren arauak zalantzan jarriko dituzte, ikuslea imajinario zoro eta lotsagabe batean murgilaraziz. Gaur egungo gure gizartean oraindik indarrean dauden aurreiritziei desafio egingo diegu, lotsaren mugekin, eta onartutako moda eta moduekin jostatuz”.

Haatik dantza konpainiak aldiz, lan berriaren estreinaldiarekin dator: Errimak Bi Oinetan ikuskizuna. Haatik dantza konpainiaren lehen lana izan zenaren irakurketa eraberritu bat da proposatzen du, bertsoak eta dantza uztartzen dituena, hain zuen. Hala, bertsolaritzaren oinarriak eta funtsa dantzara ekarriko dituen ikuskizunak, lantalde ezin hobea du atzean: Unai Elizasu aurkezle eta gai jartzailearen esanetara, Sustrai Kolina, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Odei Barroso, Ibon Ordoñez  edota  Uxue Alberdi arituko dira; Xalbador edota Lazkao Txiki bertsolari handiek  garai batean sortutako bertsoak, Bixente Martinez buru den Igelaren Bandak musikatuko ditu; eta Aiert Beobide, Amaiur Luluaga, Anne Jauregi, Iñigo Etxeberria, Irati Sorondo, Jon Arsuaga, Nagore Zabala koreografoen mugimenduek, eta Maialen Arzallus bertsolari lapurtarraren eta Thierry Biscary Kalakan taldeko kide ohi baxenabartarraren ahotsek lagunduko diete.
Gaur berton, iilaren 27an, Hondarribiko Itsas Etxea auditorioan (20:00etan)

Informazio gehiago, hemen.

Exit mobile version