Nafarroako Bertsozale Elkarteak antolatzen duen Xalto sariketaren hamaikagarren edizioa, abenduaren 17an jokatuko da Goizuetan.
Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Mariano Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten.
Larunbatean hamaikagarren ediziora ailegatuko da biurtetik behin egiten den bertsolari berrientzako Xalto sariketa. Goizuetako udaletxeko ganbaran Nafarroako hamabost bertsolari arituko dira; goizez bi kanporaketa jokatuko dira, eta arratsaldez, 17:00etatik aurrera, finala, sei bertsolarirekin.
Aurtengo Xalto sariketan honako bertsolariek hartuko dute parte: Ekaitz Astiz (Iraizotz), Aimar Karrika (Auritz), Ioar Tainta (Lesaka), Haizea Beruete (Iruñea), Patxi Castillo (Bera), Irati Majuelo (Iruñea), Iker Gorosterrazu (Ituren), Iñigo Sagastibeltza (Leitza), Mikel Azpiroz (Leitza), Jose Luis Barberia Zili (Leitza), Xabier Maia (Elizondo), Oier Amiano (Elizondo), Kotte Plaza (Irurita), Amaia Elizagoien (Mugairi) eta Joseba Zabaleta (Leitza).
Aurkezle lanetan Alaitz Rekondo arituko da eta epaile gisa Nerea Bruño, Ekintza Landa, Xabier Terreros eta Gaizka Sarasola.