Nontzeberri

Xabik eta Pettik blues estiloan bustiriko estreinako lana kaleratu dute

Berako Petti musikariak eta Donostiako Xabik (Señor No) dagoeneko hainbat kontzertu egin dituzte elkarrekin gitarra elektroakustikoen laguntzarekin. Orain, blues emanaldi sutsu horietako esentzia Xabi Ta Petti lanean plazaratu dute Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen laguntzarekin.

Dena dela, diskoan zenbait musikari izan dituzte ondoan, hala nola, Ultracuerpos taldeko Mikelini (kontrabaxua) eta Kiko (gitarra), Rafa Aceves (pianoa), Jose Martinez (bateria), Oscar de la O (kaxoia), L. M. Moreno Pirata (saxofoia) eta Chris Casello (steel guitar), besteak beste.

Diskoan euren blues, rock-and-roll eta country estiloko kantu kuttun asko bildu dituzte, tartean, Freddie King-en Hideaway blues instrumentala, Willie Nelsonen I never cared of you kutsu latinoarekin jantzia, edo Ray Cahrles I got a woman. Pettik sortu du, ordea, jatorrizko kantu bakarra, Satorra soul-blues balada, eta Chris Casello steel gitarrista sartu du doinu horretan. Amaitzeko, Steve Marriotten (Small Faces) Every mother’s son euskarara ekarri dute, Amaren semea, eta Xabik abestu du.

Gaur bertan, bikotea ikusteko aukera izango da 22:00etan Markinako VII. Markina Shots! R&R Festival jaialdian. Bikotearekin batera, Juke Box Racket Bizkaiko rockabilly taldea, eta Muturbeltz arituko dira. Azken hori Sexty Sexers, Hot Dogs eta Kabul taldeetan jo zuten zenbait taldekideren proiektu berria da.

Exit mobile version