Kultura Zuzendaritza Nagusia-Vianako Printzea Erakundearen Kultur programaren baitan, Xabier Zeberiok Pause izeneko kontzertua eskainiko du Berako Illekuetako Telletxeako lorategian, hilaren 20an, 20:00etan.
Musikariaren bakarkako lehen proiektua da. Forbidden Colours zigiluarekin kaleratutako disko honetan unibertso berri bat aurkezten du, ñabardura eta melodia sakonez osatutako eremuetan arakatzeko xedez.
Hainbat iturritatik edaten duen hizkuntza musikal propio bezain berezia sortu du musikariak. Minimalismoa, neoklasizismoa eta tradizioa dira besteak beste, lan pertsonal honen osagaietako batzuk.
Kaleraturiko albumak Aitor Etxebarria ekoizlearekin eskuz esku landutako 9 pieza biltzen ditu. Grabazioak Bilboko Mala estudioetan egin dira eta Jean Phocas izan da nahasketen arduraduna.
Berarekin, Iñar Sastre (pianoa), eta Eñaut Zubizarreta (celloa) musikariak arituko dira.
Xabier Zeberio Etxetxipia (Tolosa; 1978) biolin-jotzailea eta musikagilea da. Alos Quartet taldearen buru da 1999. urteaz geroztik eta Oskorriko kide izan zen 1997tik talde hori desegin zen arte.