Nontzeberri

Xabi Borda: “Poema hauen geografia etxea da”

Gulliverren Lokarriak izeneko poemategi elegantea atondu eta plazaratu zuen joan den urtean Xabi Borda idazle azpeitiarrak. Gulliverrek bezala, egile gaztearentzat, idazlea da behin eta berriz letren itsasoan barrena abiatzen den menturazalea, idaztearekin bat eginez amildegi propio baten aurrean jartzen den sortzailea. Loturak lotura poema intentsu eta lexiko zehatzekoak ediren ditugu liburuan. Berak, Gulliverren Lokarriak izeneko lanari buruzko zenbait kontu adierazi digu ondorengo elkarrizketa goxoan.

Birika zatiak liburua 2004an atera zen. Hantxe zatiak, eta orain lokarriak. Zein izan da liburu batetik besterako saltoa?
Liburu batetik bestera 4-5 urteko tartea dago. Hori denbora da. Eta tartean gauza asko bizi izan ditut. Lokarriek izango dute Biriketatik zerbait. Baina, ezin dut esan biak berdina direnik. Ez idazterako orduan, behintzat. Egongo da eboluzioren (edo inboluzioren) bat batetik bestera. Gainera, nik idazten badut ez aspertzeko idazten dut. Beti nago egin ez dudan zerbaiten bila. Idazteak, nire ustez, ezin du errepikapenean oinarritu: amildegiaren aurrean jarri behar zara saio bakoitzean. Idazteak tentsioa izan behar du berarekin. Baina aitortu behar dut bi liburuen arteko aldea neurtzeko perspektiba falta zaidala. Irakurleak esan beharko du liburu batetik bestera aldaketarik nabari duen.

Gulliverren irudia agertzen da tituluan eta poema batean. Nondik dator irudi hau. Herri (espazio) imajinario batekin jolastu nahi izan duzu, Lilliputen bazina legez?
Aurkezpenean esan nuen bezala kezkak izan nituen Gulliver izenburura ekartzerakoan, poema hauek ez baitira Gulliverren bidaiei buruzkoak. Gulliver abentura zalearen irudia interesatzen zitzaidan niri, behin eta berriz itsasoratzen denarena. Iruditzen zitzaidan oso modu bisualean islatzen zuela nik idaztearen gainean dudan ideia hori.
Bestalde, poema hauen geografia etxea izatea nahi nuen. Horrela, lerro artean, nolabait esateko, etxe batera lotuta dagoen norbait suma daiteke; Gulliver izan daiteke, Lilliputen zorura lotuta esnatu dena. Azkenean, metaliteratura baino gehiago herri imajinarioan txertatutako irudi bat delako, Gulliver izenburura ekarri nuen.

 

Tituluak hurbiltze lanak egiten du, baina barruan “hezurretan” banatu dituzu atalak. Zergatik?
Liburua abiarazten duen poeman (higiezinik) diot “etxea bizimodu oker batentzat hezurdura garestia dela”. Aipatu bezala, liburuko poema hauen geografia etxea da. Horregatik liburua egituratzeko etxearen ideia hori erabili nahi nuen: adreiluen ordez hezurrez osatutako beste etxe bat eraiki. Beti ere, etxea familia, babesa, lotura, memoria… bezala ulertuz.

Matematika, ingeniaritza, biologia eta horrelako zientzietatik harturiko lexiko darabilzu maisutasunez. Berariaz eginiko lana izan da edota, aldiz, berez sorturiko elementuak?
Poema hauek idazterakoan ez dago aldez aurreko lan berezirik. Ez naiz lexiko ikasten edo aztertzen ibili. Formakuntza aldetik zientzietakoa naiz, eta poema hauetako lexikoa ez zait batere arrotz. Nire egunerokotasunean guztiz txertatutako hitzak dira. Mundu aparteak direla badiote ere, zientziak eta literaturak elkarri asko aportatu ahal diotela uste dut.
Hasieran proba batzuk egin nituen, matematika edo fisika munduko lexikoa poemetara ekarriz. Iruditu zitzaidan funtzionatu zezakeela. Poema batzuk horrela egin nituen.

Hika erabiltzen duzu liburuan zehar barra-barra. Honek hurbiltasuna, eta era berean, urruntasuna sor dezake irakurlearengan. Nola bizi izan duzu sorkuntza prozesu hori, aditzak kontuan hartuz, hartu gabe, berez sortu dira. elkarrizketa mamitu nahi izan duzu,…?
Hitanoa edo hika egunero dabilkit. Azpeitian bizi naiz, hor ditut lagunak eta familia. Azpeitian hitanoak indar handia du. Beraz, poemetan erabiltzea naturaltasunaren ondorio da. Bestalde, orain zuka eta gero hika erabilita, poemen interlokuterearekin jolas egin dezakezu, batzuetan irakurleari voyeur sentsazioa sortzeraino. Hori euskarak duen aberastasuna da, nik uste aprobetxatzekoa.

Gulliverren lokarriak liburu borobila iruditu zaigu guri. Nola gelditu zara zure poemarioa kalean ikusita? Nola ikusi duzu zuk?

Liburuaren argitaratze prozesua nahiko luzea izan da. Amaitu nuenetik kaleratu arte denbora dexente igaro da. Tarte horretan era guztietako sentsazioak izan nituen. Gero, behin argitaratuta, gustura geratu naiz edizioarekin, azalarekin… hau da, liburua berarekin.
Hori bai, poema batzuk egun beste era batetara egingo nituzke. Hori ona dela iruditzen zait, oraindik bizirik nagoela esan nahi duelako.

Azken poesia-uztari begira, zer iruditzen zaizu gaurko poemagintza Euskal Herrian?
Ez dakit, ni ez naiz kritikaria, ezin dut egungo panorama bere osotasunean aztertu. Ez dut holako abileziarik. Gustuko gauzak topatzen ditut, eta baita ez hain gustukoak ere. Literatura “kontsumitzaile” bezala, uste dut, horrela izan behar duela. Esango nuke, gauza interesgarriak aurkitu ahal diren bitartean, euskal poemagintza ez dagoela gaizki. Azterketa sakonagoak beste batzuentzat utziko ditut.

Exit mobile version