Getxoko Nazioarteko Jazzaldiak iragarri duenez, uztailaren 4tik 6ra bitarte egingo den 37. edizioan Wynton Marsalis (1961, New Orleans) tronpeta-jotzaile ezagunak joko du. Estatubatuarrak hamabost jazz musikari handik parte hartzen duten Jazz Lincoln Center Orchestrarekin arituko da.
Marsalis izar entzutetsuaz gain, Getxoko Jazzaldiak beste bi emanaldiren berri ere eman du: Stacey Kent abeslari ingeles-amerikarra eta laukote formatuan joko duen Ignacio Berroa perkusionista kubatarra.
Wynton Marsalis jazzaldiaren azken egunean arituko da, uztailaren 7an. Jazz unibertsoan izan den tronpeta jotzaile onenetarikoa da, eta bere estiloak swing zein bebop-a hartzen ditu modu garaikidean. 80ko urteetan hasi zen nabarmentzen, beti ere, jazz klasikoari lotuta. Bere ibilbidean makina bat musikarirekin jo du, hala nola, Marcus Roberts, Robert Hurst, Wycliffe Gordon, Eric Ree eta Getxon ariko den Lincoln Center Jazz Orchestra.
Ignacio Berroak (La Habana, 1953), berriz, uztailaren 3an joko du. Egungo perkusionista handienetarikoa da kubatarra. 80ko hamarkadan New York hirira joan zen eta bertan, Dizzy Gillespie musikariaren taldean jo zuen. Bere jardunean hamaika musikarirekin jo du, tartean, Chick Corea, Freddie Hubbard eta Tito Puente. 2007an estreinako diskoa grabatu zuen, Códigos, eta Grammy Sarietarako izendatu ere urte horretan. Egun, grabazioa berria prestatzen ari da.
Azkenik, Stacey Kent (New Jersey, 1968) jazz kantaria uztailaren 4an arituko da. 90eko urteetan hasieran hasi zuen bere ibilbidea arrakastatsua eta 1997an Close Your Eyes lehendabiziko grabazioa argitaratu zuen.