Nontzeberri

Wilhelm, Belize eta Buffalok joko dute Equinox Fest-en

Ostiralean, martxoak 21, Wilhelm and The Dancing Animals, Belize eta Buffalo taldeek joko dute Donostiako Doka Kafe Antzokian; ekitaldia Equinox Fest izenburupean aurkeztu dute, eta Van Popel Club-ek antolatu du.

Taldeen harira, Wilhelm and The Dancing Animals nafarrek pop eta folk doinu dinamiko eta koloretsuak jorratzen dituzte, punk jarrera espontaneoarekin. 2012an, The War of The Species disko gomendagarria argitaratu zuten Origami Records diskoetxearen laguntzarekin.

Belize Iruñekoak dira, eta Pete Bombastic taldeko bi musikariren proiektu berria da; Egos izeneko singlea argitaratu dute, eta pop-melodia sinple eta itsaskorrak jotzen dituzte. Talde gaztea eta interesgarria da laukotea; ingelesa eta gaztelania uztartzen dituzte.

Azkenik, Buffalo taldea David Gorospek (bateria) Ander Ederrak (gitarra) eta Joanes Ederrak (baxua) eratu zuten duela urtebete inguru. Egitasmo instrumental da, eta bere jarioan askotariko erritmoak biltzen dituzte: jazz, rock, soul…

Exit mobile version