Gala Font de Mora argazkilariak lan berria aurkeztuko du hilaren 26an Elgoibarreko Kultur Etxean. Egun horretan 19:00etan artistak berak aurkeztuko du erakusketa bisita gidatu baten bitartez, hala ere, argazkiez gozatzeko aukera dago dagoeneko.
Lan honetan, Espainian 2019an bizirik zirauten sei autozineetatik bost erakusten ditu bere begirada pertsonala baliatuz. Argazkilariak azaldu duenez: “nire helburua, ia ahaztuta dauden espazio horiek ikusgai egitea da, estetika zinematografiko baten bidez nabarmenduz. Jende gehienarentzat ezezagunak diren lekuak dira, irudimenean zinema klasikoko eszenekin zein AEB-ekin lotzen direnak.”
Leku atenporalak dira argazkitu dituen espazio hauek, eta bertan elkarrekin bizi diren alderdi ezberdinen arteko kontraesan eta erlazioak interesatzen zaizkio artistari. Bertako txokoak, bertako tribuak (askotariko jendea, proiektatzen den filmaren zein autozinearen arabera) eta azkenik, egunero bertaratzen diren langileak.
Artistarentzako garrantzitsua da norbanakoaren eta pantailaren arteko konexioa, eta horretarako filmeko eszenen aurrean ikusleen aurpegietako adierazpenak eta erreakzioak nabarmendu ditu, erakusketan ikusi daitekeen moduan. “Era berean, interesgarria iruditzen zait auto barruan sortzen den intimitatea, ikusleen mundu txikia” adierazi du.