Nontzeberri

Wau y los Arrrghs!!! taldearen garage-rock doinuak Gasteizen

Juanito Wau abeslariak umoretsu zuzentzen dituen Valentziako Wau y los Arrrghs!!! garage-rock taldeak Gasteizeko Helldorado aretoan joko du gaur. Datorren asteartean, hilak 26, berriz, Trintxerpe auzoko Mogambon izango da. Bi emanaldiotan, gainera, AEBetako taldeekin joko dute: Gasteizen Lord of Altamont-ekin (garage-punk), eta Trintxerpen, ostera, Red Dons-ekin (hardcore punk).

Valentziako Wau y los Arrrghs!!! taldea munduko garage-rock talde onenetarikoa da, inondik ere. Horren erakusle mundu osoan egin dituzten birak eta kontzertuak dira. Taldekideak adituak dira 60ko hamarkadako garage-rock eta rock instrumentaleko talde ezezagunetan. Horien kantuak hartu moldatu eta gaztelaniaz abesten dituzte letra parranderoak direla medio. Haien ezagupenak hain dira handiak, non zaleek jatorrizko kantuak hartu eta Las canciones que Juanito Wau nos enseñó izeneko bilduma piratean biltzen baitituzte. Orain arte bi disko plazaratu dituzte: Cantan en español (Voodoo Rhythm, 2006) eta ¡¡¡Viven!!! (Munster Records, 2009).

Valentziarrek AEBetako bi talde interesgarri izango dituzte lagun Euskal Herriko bi kontzertuetan. Batetik, Lords of Altamont. Banda hau The Fuzztones eta The Bomboras garage-rock taldeetan arituriko Jake Cavaliere The Preacher abeslariak zuzentzen du. Bestetik, Red Dons, Portland hiritik datoz eta intentsitate handiko hardcore-punk melodikoa jotzen du. Euren eragin nabarmenena Wipers punk talde mitikoa da. Donostia bisitatuko dute bigarrenez, eta Fake meets failure lana aurkeztuko.



Exit mobile version