Nontzeberri

Vulk taldeak iraupen luzeko estreinako lana plazaratu du

Bilboko Vulk bandak estreinako iraupen luzeko lana plazaratu du, Beat Kamerlanden, Elsa Records eta MEYO Records diskoetxeen bidez, -Elsa Donostiako Dabadaba aretoak abiatu berri duen zigilua da, eta bilbotarren diskoa diskoetxearen lehenbiziko erreferentzia-.

Vulk bandak 1980ko hamarkadako Britainia Handiko post-punketik eta AEBetako 1990eko urteetako indie-rocketik edaten du, Joy Division eta Pixies elkarrekin oheratuko balira bezala. Diskoa luzean, inoiz baino ilunago, eta esperimentalago, agertzen diren arren.

Hans Krüger teknikariak zuzendutako Montreal estudioetan grabatu du Vulkek Beat Kamerlanden. Masterizazioa, berriz, Cadizfornia estudioetan egin dute bilbotarrek. Disko luzearen aurretik, bi kantu biltzen dituen Zaldia Burning (2015) eta No longer great deal (2016) sei kantuko EPa argitaratu dituzte. Biak ala biak entzungai daude taldearen bandcamp webgunean.

Barnezine blogean aspaldi argitaratutako elkarrizketa batean, Vulkek hauxe kontatu zuen: “Bermeon The New Flesh taldearekin jo genuen. (…) Beleza Malandrako jabearekin ere oso gustura egon ginen, oso tratu ona eman zigun. Kontzertuaren ondoren tipo bat hurbildu zitzaigun. Kartelean post-punk jartzen bazuen ere, berak ñabardura gehiago ikusten zituela esan zigun, hala nola, 70eko hamarkadako rock-a edo 90eko hamarkadako rock alternatiboa. Nik uste erritmo gehiago ditugula”.

Kontzertuen harira, ostiralean, Dabadaban izango dira; larunbatean, Iruñeko Cavas Disco aretoan; apirilaren 6an, Bartzelonan, BeGood aretoan; 7an, Igualadan, eta azkenik, 21ean, Huescan. Lehenengo lau kontzertuetan Cala Vento taldearekin arituko dira.

Exit mobile version