Voivod Kanadako metal talde mitikoa Durangoko Plateruenan izango da maiatzaren 1ean. Taldea, ezaguna egin zen metal eszenan bere estetikan elementu futuristak sartu zituelako. Eurekin batera herrikide dituzten Grim Skunk, eta Cough estatubatuarrak izango dira.
Voivod 1982 urtean eratu zen, eta thrash metal progresiboa egiten duela esan ohi da. Izan ere, ezaugarri propioak dituen proposamena da kanadarrena. Orijinaltasun horri esker itzal handiko banda da eta ez bakarrik metal esparruan. Besteak beste, Soundgarden, Sonic Youth eta Killing Joke taldeek goraipatu dituzte Voivoden dohainak.
Hala, 1989an argitaraturiko Nothingface lanari esker oso ezagunak egin ziren metal estiloaren baitan. Lan horretan Pink Floyden Astronomy Domine doinuaren egokitzapena bildu zuten. Taldea apartekoa egiten duen beste ezaugarri bat zientzia fikziozko estetika da, zeina diskoen azaletan eta hitzetan islatzen den. Izan ere, konbinazio bitxi horrek, alegia, metalaren, rock progresiboaren eta estetika futuristaren arteko nahasketak, egin du Voivod nortasun handiko banda.
Eurekin batera Grim Skunk kanadarrak eta Coucg estatubatuarrak izango dira. Azken horiek nazioarteko doom eszenako talde handienetakoa da gaur egun.