Irungo Bloody Mary disko-dendak ekoitzi duen Vinyland filma aurkeztuko dute hil honetan Donostiako Tabakaleran. Filma, hain zuzen, laster hasiko den Donostiako zinemaldian estreinatuko da.
Pelikulak binilozko diskoen mundua jorratzen du; hain zuzen, disko bildumazale baten gorabeherak kontatzen ditu. Pelikula, gainera, musikaz josia dator, eta Marcos Garcia zinegileak eta Mikel Insausti kazetariak zuzendu dute.
Bada, Tabakaleran egingo duten aurkezpen-festa bi kontzertuz osatuko da: irailaren 17an, Flamin Guays (garage-rock, Alacant) eta Le Detectors (garage-punk), eta irailaren 18an, Pelo Mono (rock-and-roll instrumentala, Andaluzia) eta The Lookers (garage-punk, Ziburu).
Emanaldiak 22:00etan hasiko dira, eta kontzertuen ostean, Espainiako Radio 3 irratiko Juan De Pablos esatari eta DJ ezaguna arituko da.