Gaur, Durangoko Arte eta Historia Museoan, 19:00etan, Vicente Paredes artistaren Furtivos PhotoBook-aren aurkezpena egingo da, hasi berria den Begira Photo jaialdiaren barruan.
Furtivos liburuan, Luis Lopezek idatzitako testuaren zati bat duzue honakoa: “Furtivos, Vicente Paredesen lehen argazki-liburua da, ezkutukoen azpi-mundu barruan sartzen gaitu, inork galdegiten eta nahi ez dituen lur urbanoetako biztanleen eremura, hain zuzen ere. Liburuan, Vicentek gure programa genetikoan doazen portaerei buruz hitz egiten digu. Lurrik egon barik ere, txakurra beti saiatuko da hezurra lurpean sartzen; bere oin azpian metroko tunelak, kristala eta zementua egon arren, gizakiak zulatu egingo ditu hazia ereiteko.
Bilbo industria hiri bilakatu zenean, milaka nekazari etorri ziren fabriketara lan bila. Nekazariak ziren, bai, hemengoen antzekoak; alde bakarra da haiek ezin izan zutela beraien lurrak hona ekarri eta, egun batetik bestera, langile urbano bihurtu behar izan zuten. Baina duela belaunaldi asko, haien identitatean suaz idatzita zegoen agindua: lurra aitzurtu, ureztatu eta belar txarrak apartatuko dituzu”.
Vicente Paredes Orihuelan (Alicante) jaio zen 1972an. 1995ean kazetaritzan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean eta, hurrengo urtean, argazkilaritza ikasketan egin zituen Londreseko Westminster Collegen. Gaur egun, freelance ari da argazkilari lanak egiten.
