Uxue Alberdik Aulki-jokoa eleberriarekin Joseba Jaka beka irabazi zuen eta duela urte batzuk lan eder horrek argia ikusi zuen. Bada, gaztelaniazko bertsioa, El juego de las sillas (Alberdania) gaur berton aurkeztu dute Donostian. Bertan, egilea eta lanaren itzulpena egin duen Miren Agur Meabe egon dira.
Eta zer da aulki-jokoa? Umeen jolasa ez ezik, bizitzaren metafora ere bada: aldiro gutako bat geldituko da lekurik gabe, eta utzi egin beharko du joko-zelaia.
Eleberrian maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia… gai handi eta eternalak ageri dira herri txiki bateko biztanleen bizitzetan. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali haurrak ezagutuko ditugu, herri bateko kaleetan korrika, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian.
Istorio xumeen handitasuna erakutsi zuen Uxue Alberdik bere lehenengo eleberri honetan. Denbora eta ahots desberdinak abilki nahastuz eta pertsonaien nortasunean sakon barrenduz, bizitza bera bihurtu du kontagai.
Uxue Alberdi Estibaritz (Elgoibar, 1984). Kazetaritzan lizentziatua da, eta hainbat lanetan aritzen da: kazetari, itzultzaile, bertsolari eta idazle.
