Nontzeberri

Urtaroen erritmoak

Busturiko Udalaren eskariari erantzunez Labayru Fundazioak Urtaroen Kresala Busturiko Ondarearen Taupadak izeneko ikus-entzunezkoa egin du. Lanak “herritarren testigantzen bidez, urtaroen erritmoak markatutako bizimodua, lana, jaia eta transmisioaren garrantzia erakusten ditu”. Dokumentala gaur, urriaren 30ean, aurkeztuko da bertako Altamirako Kultur Etxean, Ondarearen Europako Jardunaldien programazioaren barruan.

Pieza berezia da oso, eta naturaren ziklo amaigabeei lotutako zereginak, neguko zein udako ohitura zaharrak (Marijesiak, Olentzero, Ogi Salutadorea, gabonetako menuak, Urteberria, Kandelario, San Blas, Santa Ageda, Basaratoste, Inauteriak, Erramu-eguna edo sanjuanak, besteak beste) bildu eta balioan jartzen ditu.

Egitasmo honek “herriko ondare immaterial bizia eta memoria kolektiboa ditu ardatz nagusi. Izan ere, gaur egun ohitura batzuk zimeldu badira ere, askok indartsu jarraitzen dute eta bizirik daude Busturiko etxeetan, soloetan eta herritarren oroimenean”.

Lan hau Ondarearen Europako Jardunaldien egitasmoaren barruan sartzen da; proiektu honen bidez, herriko memoria historikoa zein etnografikoa bildu dira, belaunaldiz belaunaldi igorritako jakintzak balioan jarriz eta herriko paisaian nahiz gizartean bizirik jarraitzen duen ondare immateriala berreskuratuz.

Exit mobile version