Nontzeberri

Urriko solasaldia euskal irudigileekin

 

Ostiral honetan, urriaren 3an, eta Euskal Irudigileen Elkarteak antolatuta, Leire Salaberria ilustratzaileak solasaldia egingo du Donostiako Elkar liburu-dendan, 18:00tan.

Leire Salaberria (Andoain, 1983) Donostian bizi da, eta bertan lan egiten du. Arte Ederren ikasketak Bilbon egin ostean, Bartzelonan Haur-Ilustrazio gradu-ondoa burutu zuen. Horrez gain, Jindra Capek eta Javier Zabalarekin batera hainbat ikastarotan parte hartu izan du, Italian.

Leireren lanak mundu osoko hainbat herrialdetan erakutsi dituzte. Gainera, 2014an bi sari eskuratu ditu: batetik, Sharjako Liburu Azoka Internazionaleko Ohorezko Aipamena, eta, bestetik, Etxepare Saria, Hiltzaileak albumari esker. Azken sari hau 2010ean ere irabazi zuen, Euria ari duenean lanagatik. 2011n bere lehen liburua argitaratu zuen, eta, ordutik hona, Mexikon, Italian eta Espainian hainbat lan ilustratu ditu. Egun, bere lanik gogokoena egiten du eta haur-literaturako lanak ilustratzen dihardu.

Solasaldian zehar, Leire Salaberriak bere ibilbidea azalduko du, lan esanguratsuenen bitartez. Era berean, argitaletxeen nondik norakoak bizipenen bitartez ezagutaraziko ditu, eta, gainera, bere lan originalak eta arkatzez marrazteko erabiltzen dituen moleskineak ikusteko parada izango du hara hurbiltzen denak.

Nontzeberrik duen Emakume Artistak sailaren barruan, Leire Salaberriaren informazio guztia eskura duzue.

 

Exit mobile version