Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak bi saio programatu ditu asteburu honetan: Urretxu-Zumarragan eta Errenterian. Saiook hasiera emango diote final laurdenetako faseari.
Hala, larunbatean, Urretxuko Ederrena pilotalekuan sei bertsolari igoko dira oholtzara: Agin Laburu, Asier Azpiroz, Beñat Iguaran, Eli Pagola, Jexux Mari Irazu eta Nerea Elustondo. Bertan irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da azaroaren 22an Zarautzen jokatuko den lehen finalaurrekorako.
Eta igandean, berriz, Errenteriako Agustina Otaola pilotalekuan Amaia Iturriotz, Ane Labaka, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Gurrutxaga, Iñigo Mantzizidor Mantxi eta Jon Martin juntatuko dira. Final laurdeneko lehen sailkatua azaroaren 29an Tolosako Usabal kiroldegian jokatuko den finalaurrekorako sailkatuko da zuzenean.
Txapelketako finala abenduaren 19an jokatuko da.