Herri Urratsen bezperarako, maiatzaren 9rako, plan bikaina antolatu dute aurten ere Sarako Gaztetxeak, Olhain Ikastolak, Har Hitza elkarteak eta Euskal Herrian Euskaraz elkarteak, Muga guztien gainetik, euskaraz bizi! lelopean.
Alde batetik, Sara-Larrun-Sara mendi-irteera egingo dute, eta ondotik musika, jatekoa, pilota partidak, herri jolasak eta kontzertuak izango dira.
Mendirako buelta egin ostean, eta zerbait triparatu eta gero, musika doinu herrikoiak, herri-jolasak eta pilota partidak hasiko dira. Eta gauean, Urrats gaua izango da Gaztetxean. Bertan, Kalera, Dama eta Itziarren Semeak taldeek kontzertua eskainiko dute.
“Euskaldun izateaz harro gaudelako, edo euskararen aurkako eraso gehiago onartzen ez dugulako, edo euskaraz bizi den herria eraiki nahi dugulako, edo ez dugulako euskaraz bizi zen herria betirako galtzen utzi nahi, edo lanerako, norbere burua aberasteko, elkar ezagutzeko edo dena delakorako nahi, behar edo balio digulako… Muga guztien gainetik, euskaraz bizi!”
