Lekeitioko Udalak Udako Arte Erakusketa programa atondu du uztailean eta abuztuan, eta bertan, Eskolapean, hainbat artista gaztek beren artelanak erakutsiko dituzte. Erakustokia 18:00etatik 21:00etara egongo da zabalik, eta tarte horretan, artista bakoitza bere lanen gaineko xehetasunak emateko prest izango da.
Uztailaren lehen hamabostaldian, bi artista izan dira bertan: uztailaren 9tik 14ra, Iñigo Barainka, eta uztailaren 15tik 21era, Jonan Bomez Barrenetxea.
Aste honetan, uztailaren 22tik 28ra, Unai Madariaga Zabala bilbotarrak AFGDFG izeneko erakusketa paratu du. Proiektu hau “subkontzientetik datorren praktika bat da. Erabili duen metodologia inprobisaziotik sortu da, hasierako ideia zehatzik gabe mihiseari ekinez eta bertan sortzen zena behin eta berriro apurtuz, beti bide berri bat bilatuz. Horrek pareidolia baten antzeko begirada bat hartzera eraman du eta, azkenean, pertsonaia edo erretratu erdi figuratibo baten bilaketan amaitu du (ez beti). Geroago, lana perspektibaz begiratu ondoren, konturatu da subkontzientetik heldu diren ideia guztietaz. Pintura “viscerala” egiten du. Pisutsua, masaduna, agresiboa… baina aldi berean apala eta konprometitua. Pintzelada bortitz batek fereka bat dakar gero, eta alderantziz”. Una Madariaga Diseinuan graduatua da Euskal Herriko Unibertsitatean. Pinturarekin zerikusian bere ibilbidea oso laburra da. Artdemia 2020 erakusketarako hautatua izan zen. Gaur egun, musika eta artea partekatzen ditu, eta Ezezez taldeko ohotsa da.
Horren ostean, uztailaren 29tik abuztuaren 4ra, Maria Teresa Herrero madrildarraren Lurra eta itsasoa erakusketa ikusgai izango da. Eta azkenik, abuztuaren 5tik 11ra, Juan Ramos Diazek Itzulera erakusketa abiatuko du.