Aste honetan hasita, otsailaren 25etik martxoaren 18ra arte, Nafarroako Antzerki Eskolan, Irriziklo izeneko ekimena egingo da. Umorea nagusi den ziklo honek lau emanaldi bilduko ditu aurten, guztiak 19:00etan hasiko direnak.
Asteazken honetan, otsailak 25, izango de lehen zita Inprolabel taldeak egingo duen Inprofestakzioa piezarekin. Momentuan sortutako antzerkia, inoiz berdina izango ez dena! Euskaraz egindakoa, nafarra, freskoa, dibertigarria! Inprolabel taldea sortzen duten aktoreek urteak daramatzate antzerki munduan, komedia fisikoan, clownean, musikan… arlo askotan ibiliak dira. Oraingoan inprobisaketan murgildu dira, diziplina hauek guztiak batzeko edo desmontatzeko!! Oholtza gainean, Xabier Flamarike, Garazi San Martin, Jaione Urtasun, Xabier Artieda, eta Lorena Arangoa izango dira.
Datozen asteetan izango diren ikusgarriak honako hauek dituzue: martxoak 4, Beste Bat (Las Katastrofen); martxoak 11, Txizatoki Bat Eszenatokian & Hamalau (Tartean); eta martxoak 18, Jo! (Magma Mia).
