Nontzeberri

“Umore Azoka Leioa” irailean itzuliko da

Leioako Kaleko Artisten Azokaren XXI. edizioa irailean itzuliko da, eta Euskal Herriko 22 konpainiak, Estatuko 14k eta nazioarteko 3k hartuko dute parte. Azoka irailaren 16tik 19ra garatuko da.

Iaz osasun krisia dela eta ez zen Umore Azoka Leioa jaialdia ospatu, baina aurten, 39 konpainiaren lanak kalean ikusteko aukera egongo da.

“Umore Azokarentzat fantasiaren, umorearen, ilusioaren, sorkuntzaren, magiaren eta gozamenaren urtea da hau. Iaz ezin izan genuen ospatu eta 2021ean indar handiagoz itzuliko ginela esan genuen, eta horrela egin dugu”, esan du Iban Rodriguez Etxeberria Leioako alkateak.

Diogun bezala, programa artistikoan 39 konpainiak parte hartuko dute, horietatik 22 Euskal Herrikoak, 14 Estatukoak eta 3 nazioartekoak, kasu honetan Belgikatik, Portugaletik eta Ukrainatik etorritakoak. Estatuko konpainien kasuan, Kataluniakoak nabarmentzen dira, Tarregako Firarekin, nazioarteko hitzordu ospetsuenetako batekin, egiten den Nomadak programari esker.

Betiko legez, antzerkia, zirkua, dantza eta umorea izango dira gai nagusiak, baita piroteknia eta dantza bertikala ere. Horrez gain, hainbat jarduera paralelo antolatu dira, hala nola hitzaldiak eta lan-mahaiak.

“Kaleko arteen sektoreak asko sufritu du pandemia hau, eta Umore Azoka Leioa ez dago errealitate horretatik kanpo. Baina kultura eta kaleko arteak maite dituen hiria da, eta gure konpromisoa lehen egunean bezain sendoa da”, gogorarazi dute antolatzaileek.

Exit mobile version