Kolectivo Monstrenkok Espejismos (El Lado Épico) aurkeztuko du urtarrilaren 19an, Azkuna Zentroak bidean jarri duen eszenAZ denboraldiaren barruan. Pieza, umore absurduko sorkuntza artistikoa da, eta bertan, Bob (Txubio Fernandez de Jauregui) eta Bob (Jabitxin Fernandez) gaur egun gizakia mehatxatzen duten gorabeherak argitzen saiatzen dira, baina Amerikako Far West-eko giro surrealista eta epikoan sartuta.
“Nortasunaren bilaketa, adiskidetasuna, galdutako maitasunak eta egungo gizartearen agindu berrien etengabeko mehatxua dira pertsonaien bidaian azaltzen diren gaietako batzuk, zeintzuek etengabe bilatzen baitute elkar, elkarrizketa azkar eta dibertigarrien bidez. Zeru iheskor eta lurrintsu baten azpian, eta zuzeneko musikarekin, Bob eta Bobek umoreari eta malenkoniari, erritmo galduari eta dantzarik zoroenari eutsiko diete, ikusleak desagertzeko bidean dagoen garai batera eramateko, eta azken garaietako bizimoduaz gogoeta eginarazteko.”
Kolectivo Monstrenko 2010ean sortutako antzerki-sortzaileen elkartea da, eszenaren inguruko hainbat sentsibilitateren topaleku izateko. Bere helburua pieza eszenikoak sortzea izan da, espazio publikoan esku hartzea, hitzaldiak, topaketak, tailerrak, Jardunaldi Monstrenkoas antolatzea eta abar.
Hain zuzen ere, abenduaren azken egunera arte luzatu ziren Monstrenko Kolektiboak abiaturiko Jardunaldi Monstrenkoak, non hainbat antzezlanez gozatu ahal izan zen. Bertan ere, Espejismos (El Lado Épico) aurkeztu zen.
