Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak sutatutako Eskolako Antzerki Lehiaketako lan saridunak igande honetan, ekainaren 5ean, ikusteko parada egongo da, Arriaga Antzokian.
Bilboko 17 ikastetxe publikok eta pribatuk hartu dute parte lehiaketaren hamaseigarren edizio honetan. Guztira 31 antzezlan aurkeztu dira, 26 euskaraz eta 5 gaztelaniaz.
Aurtengo edizioan saria lortu duten lanak honako hauek dira: Abusu Ikastolaren Zuek ikusi; Arangoiti ikastetxe publikoaren Arrain Ausarta; Viuda de Epalza ikastetxe publikoaren Komerianteroen zirku iluna eta Lapurretan; Félix Serrano ikastetxe publikoaren Edabe Magikoa, eta Txurdinaga-Behekoa institutuko bigarren hezkuntzako ikasleek antzeztutako El juez de los divorcios. Horrez gain, epaimahaiak accesit bat eman dio Isabel Gallego Gorria ikastetxe publikoko ikasleen Ozko magoa lanari.
Horrez gain, hiru aipamen berezi eman zaizkie Karmelo Ikastolaren Hamelingo txirularia; Viuda de Epalza ikastetxe publikoaren Ongi etorri Bollywoodera, eta Solokoetxeko Karmelo institutuko Hau maitasuna, hau desastrea lanei.
Eskola Antzerki Lehiaketa 1992an sortutako ekimena da, umeen artean Arte Eszenikoak sustatzeko asmoz. Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailetik diseinatu diren programa eszenikoek, sorkuntza bultzatzeaz gain, umeen artean antzerkiarekiko zaletasuna sustatu nahi dute. Bilbon Eskolatik Antzerkira programak, zazpi antzerki konpainien 16 emanaldi eskaini ditu 2010eko azaroa eta 2011ko maiatza artean, Bilborocken, Campos antzokian, eta Otxarkoagako eta Deustuko udaltegietan.
