Nontzeberri

Udazkenerako irakurketak

Udazkenarekin batera euskal nobelagile estimatuen lanak iritsiko dira; tartean, Harkaitz Canoren eta Koldo Izagirreren eleberri berriak, Twist eta Egarri egunak portualdean, hurrenez hurren.

Bi izen horiei baina, Joan Mari Irigoien eta Joxean Agirre gehitu behar zaizkie; lehenengoak Zwei Frauen (bi emakume) plazaratuko du eta bigarrenak aldiz, Ur arreak, ur garbiak. Biak ala biak Elkar argitaletxeak plazaratuko ditu eta eskuragarri izango dira Durangoko Diskoa eta Liburu Azokan.

Asel Luzarragak eta Aitor Aranak ere euren nobelak izango dituzte Durangon. Luzarragaren eleberriak Txilen jasandako gartzelaldia du ardatz. Aranak, berriz, Oscar Wilderen Dorian Grayren erretratua nobelaren inguruan josi du bere lana.

Idazle berrien estreinako lanak ere etorriko dira hosto sikuekin batera, Joseba Lozanoren Argiaren Erreinua) eta Gaizka Zabarteren Zaharrak ez zuen hil nahi, hain zuzen ere. Gaizka Zabarte 1960an jaio zen Zaldibarren, heriotzazkoa eta maitasunezkoa da Zabarteren nobela, ustekabez eta umorez zipriztindua eta dotorezia apartaz ondua. Izan ere, ehorzleak larunbatean goizeko zortzietan telefonoz deitzen badizu, esanez zurekin hitz egin nahi duela eta ordubete barru hilerrira joateko, gutxienez harritu egingo zara.

Poesiari dagokionez, Amaia Iturbideak Eszenatokietako aztarnak hasten direnean lana plazaratuko du, eta Leire Bilbaok Scanner.

Berrargitalpenen harira aipatu behar da Joseba Sarrionaindiaren lanak berriz izango direla dendetan berrikusita eta zuzenduta. Batetik, Susaren eskutik etorriko den Gartzelako poemak, eta bestetik, Narrazioak, Atabala eta euria; eta Ifar aldeko orduak ipuin liburuak bildu dituen lan mardula. Bilduma hori Elkar argitaletxeak plazaratuko du eta orain arte argitaratu ez diren zenbait narrazio ere izango ditu.

Exit mobile version