Nontzeberri

“Udatxo” programak agur esango du, Errekaleorreko Gaztetxean

Gaur, hilak 11, arratsaldeko 20:30etatik aurrera, eta Errekaleorreko Gaztetxean Udatxo programa amaitzeko, kontzertu bikaina emango dute Mice eta Paxkal Irigoyen musikariek.

Miren Narbaiza musikariaren bakarkako egitasmoa berria da Mice. Duela bi urte estreinako lan homonimoa plazaratu zuen, bai eta kritika oso onak jaso ere. Joseba Baleztenak (Sexty Sexers, Joseba B. Lenoir, Sumisión City Blues) ekoitzia, tentsio handiko pasarteekin eta une intimoekin jositako lan plurala eta pertsonala izan zen. Berria egunkariko Ihintza Orbegozo musika kritikariak hauxe idatzi zuen 2017ko disko gustukoenen harira: “Miren Narbaizaren bakarkako lehen lana ahots propioa ezagutzeko ibilbidearen hasiera da, haren esanetan. Ez dakit aurkitu duen, edo inoiz aurkituko duen, baina argi dago bidea ederra izango dela, horrelako lehen pauso batekin ezin baitu besterik izan”.

Diskoak zortzi doinu biltzen ditu, batzuetan itzaltsuak, beste batzuetan koloretsuak. Uhinak Komunikazioa agentziaren arabera, “(kantu) bereziak, orain arte egindako bidetik ikasi duena eta erakusteko gogoz zegoena doinuetan jarri nahi izan du eibartarrak. Atmosfera ilunak, distortsioak, tenpo geldoak, giro arin eta argiagoekin ahaztu gabe, ahotsa denaren gidari eta Atala estudioko soinu sendo eta dotorea oinarrian duela, garai bateko lanek bezala, zintan jasoa”.

Miceren kontzertuaren ostean, Iparraldeko Paxkal Irigoyen  arituko da. Hainbat egitasmotan aritutako sortzailea da, tartean, Zezenaren Taldean, Bilaun eta Elirale antzerki  taldean. Poesia, esperimentazioa eta rocka uztartzen ditu, eta duela bi urte, Kontsumo produkto izenburuko lana plazaratu zuen.

Exit mobile version