Nontzeberri

“Udagoieneko Ostera” zirkuitua gaur abiatuko da

Euskaltzaleen Topaguneak Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin Udagoieneko Ostera zirkuituaren XXI. edizioa atondu du. Hala, azaroaren 13tik 29ra bitartean puntako euskal sortzaileak oholtza gainean ikusiko ditugu.

Halarik ere, aurtengo osasun egoera honen ondorioz Udagoieneko Ostera zirkuitua berezia izango da eta aurrez-aurreko ikuskizunak programatu beharrean, hainbat kontzertu grabatu dira eta horiexek eskainiko dira. Guztira, Bizkaiko hiru foru museotan grabatutako hiru kontzertu akustiko eskainiko dira Udagoieneko Ostera ekimenaren webgunean.

Kontzertuotan Eñaut Elorrieta, Zea Mays eta Izaki Gardenak dira protagonistak, bai eta gure historiaren parte garrantzitsu diren lekuak ere, artista bakoitzak paraje eder batean agertu baita musikaz inguraturik.
Hala, egun horietan guztietan programazio hau eskainiko da: Eñaut Elorrietaren kontzertua La Encartada Fabrika-Museoan (Balmaseda); 20tik 22ra, Zea Mays taldearen kontzertua El Pobal Burdinolan (Muskiz), eta 27tik 29ra, Izaki Gardenak taldearen kontzertua Arrantzaleen Museoan (Bermeo).

Hortaz, 13tik 29ra kontzertu guztiak eskuragarri eta doan egongo dira Udagoieneko Ostera webgunean.

Exit mobile version