Nontzeberri

“Udagoieneko Ostera” programa bost herritan izango da

Udagoieneko Ostera Bizkaiko kultur zirkuituaren XV. edizioa azaroaren 5etik 29ra bitarte egingo da, eta bost emanaldi bilduko ditu: Getxon, Balmasedan, Bilbon (bi aretotan) eta Igorren.

Kontzertu eta ikuskizunez gain (musika, antzezlanak…), sortzaileekin hizketan aritzeko jarduerak ere ondu dituzte. Azken horietan tokian tokiko euskaltzaleen elkarteek eta hedabideek parte hartuko dute. Egitaraua Euskaltzaleen Topaguneak ondu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin.

Ekitaldien harira, azaroaren 5ean, Gari musikaria solasean arituko da Getxoko Villamonte Kultur Etxean, 20:00etan; ekitaldia Egizu elkarteak egingo du eta UK aldizkariak gidatuko du. Azaroaren 9an, halaber, Gari musikaria Maldanbera taldearekin arituko da, Getxoko Andres Isasi musika eskolan.

Azaroaren 15ean, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Bingen Mendizabal eta Mikel Valverdek Jainko Txiki eta Jostalari Hura ikuskizuna aurkeztuko dute Balmasedan,  Klaret Antzokian, 20:00etan.

Azaroaren 22an, Bilboko BBK Salan, Anne Etchegoyen eta Aizkoa Abesbatza arituko dira, eta 25ean, baina Kafe Antzokian, Napoka Iria bikotea solasean arituko da zaleekin. Eta bi egun geroago, 27an, toki berean, kontzertua emango dute Anarirekin batera.

Azaroaren 27an, antzerkia izango da protagonista Igorreko ikastetxean: Patxo Telleria aktoreak hizketan arituko da. Azaroaren 29an, Telleria bera berriro itzuliko da Igorrera, Lasarte Aretora, eta Pankreas obra taularatuko du.

Exit mobile version