Nontzeberri

Tzan Tzan Fest jaialdiaren zazpigarren edizioa

Urriaren 20, 27, 28 eta 29an Tzan Tzan Fest jaialdiaren zazpigarren edizioa izango da Araban. Oraingo honetan jaialdia lau egunez luzatuko da, hainbat egoitzatan: Barrundiako Ozaetan, Probintzia Plazan eta Baratza aretoan. Dantza-piezez gain, tailerrak, hitzaldiak eta abar ere izango dira.

Gaur, urriak 20, hasiko da ekimena Barrundiako Eskola Txikian 10 mujeres que pusieron a bailar al mundo liburuaren bitartez. Bertako kiroldegian jarraituko du geroago, 20:00etan, programa bikoitz batekin: LaRutan konpainiak Out of blue lan fresko eta dibertigarria aurkeztuko du, eta Glovo Kolektiboak Alleo egingo du.

Jaialdiak urriaren 27an jarraituko du Gasteizen, Probintzia plazan, 18:00etan, LaSala taldeak egingo duen Alive piezarekin. “Mugak gainditzeaz, ezarritakoa hausteaz, oinordetzan jasotakoaren eta ikasitakoaren pisua duen emakume batek aukeratzeko duen askatasunaz, bakoitzak aukeratzen duen bizitza bizitzeaz, edozein dela ere”. Gero, Daniel Hernández sortzaileak Córdoba Drone dantza hipnotikoa, kontenplatiboa eta misteriotsua egingo du.

Larunbatean, urriak 28, hitzordua bikoitza izango da: goizean, Danza y salud mahai-ingurua izango da Álvaro Murillo eta Irma Mierrekin. Eta arratsaldean, 20:00etatik aurrera, Un cuerpo sin vergüenza eskainiko da, nerabezaroari buruzko lana.

Azkenik, igandean, 11:30etatik 13:00etara, Arte y vulnerabilidad hitzaldia izango da. Bertan, Xochitl de Leónek gidatuta, pertzepzioari eta aniztasunarekin dugun harremanari buruzko hausnarketa egingo da. Geroago, Fronterizas, Mari Paula piezaren laburpen ikusezina egongo da. Eta jaialdiaren bukaera Altraste dantza taldeak jarriko du El grito del elefante lanarekin. Ekitaldia Baratza Aretoak antolatu du, Arabako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta Gasteizko Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren, Vital Fundazioaren eta Barrundiako Udalaren babesarekin.

Tzan Tzan Festen ikuskizunen gaineko xehetasun gehiago Baratza Aretoak dauzka.

Exit mobile version