Nontzeberri

Tzan Tzan Fest jaialdiaren hamaikagarren edizioa

Barrundian eta Baratza aretoan egingo da Tzan Tzan Fest jaialdiaren hamaikagarren edizioa urriaren 17tik 25era arte.

Edizio honetan, “tokiko eta nazioko dantza garaikideko ikuskizunez gain, dantza tailer bat antolatu da, ikertzeko eta sortzeko denbora eta moduei buruzko solasaldi bat, Kamikaze deialdi bat, eta ardo banarekin lagunduko dugu ikuskizun bakoitza”.

Larunbatean lehen ekimena izango da Ana Pirekin, eta bere Joy is not a Metaphor/La Alegría no es una metafora dantza tailerrarekin. Tailerra urriaren 17an eta 18an izango da Baratzan. “Erritmo, presentzia, tentsio eta entzumeneko ariketa ludiko eta zorrotzen bidez, dantzariak gidari izango dira inoiz ikusi gabeko irudiak sortzeko eta konektatzeko”.

Tzan Tzan Fest jaialdia urriaren 23an hasiko da, 19:00etan, Barrundiako Polikiroldegian, dantza garaikideko 3 proposamen laburrekin. Trembling Frequencies, Helena Willhelmssonen lehen soloa, mitologia, esperientzia pertsonala eta arte bisuala uztartzen dituen dantza pieza: beste lanak Marilisa Gallichio eta Alessia Sinatoren Pack-Back eta D ‘elas taldearen Velaquich Amorch! Dira.
Larunbatean, urriaren 24an, Baratzan izango da hitzordua. Jardunaldia Denbora eta sorkuntza prozesuak/Tiempo y procesos de creación izeneko solasaldiarekin hasiko da. Bertan, “bertaratutako ikusleekin, piezak egiteko eta eraikitzeko denborak eta moduak komentatuko dira. Horretarako, arratsaldean bertan antzeztuko den 40. Bidegurutzea pieza hartuko da adibidetzat”. Ondoren, 20:00etan, Miriam Pérez Cazabonek 40.Bidegurutzea egingo du.
Jaialdia urriaren 25ean amaituko da Baratzan dantza garaikideko bi pieza laburrekin eta bideo-dantza batekin.

Tzan Tzan Fest jaialdiak aurre-produkzio prozesuan dagoen dantza garaikideko proposamen eszeniko bati edo hizkuntza berriei egonaldi artistiko bat emateko deialdia zabaldu da. Hautagaitzak aurkezteko epea urriaren 25era arte egongo da zabalik eta egoitza artistikoa abenduaren 21etik otsailaren 22ra izango da.

Exit mobile version