Nontzeberri

Txillardegiren gorazarrez

Txillardegiren gorazarrez, haren lehendabiziko literatur itzulpena ekarri dute Susako kideek Emailuen blogera.

Egun hauetan itzulpenak eta artikuluak ere sareratzen ari dira tai gabe, eta hala jakinarazi digute Zarautzeko argitaletxetik bertatik.
Txillardegiren lehen literatur ahalegina itzulpenari eskaini zion. Alphonse Daudet idazle frantsesaren Aita Gaucherren mistela kontakizuna euskaratu zuen 1955eko abenduan eta Egan aldizkarian plazaratu zen 1956an.

 

Udaberri hartantxe, Galiziara soldadu joan aurretik, Koldo Mitxelenari kontatu zion sei hilabete haietan Knut Hamsum-en Pan nobela itzultzeko asmoa zuela. “Ez, ez” erantzun zion Mitxelenak, “inolaz ere ez! Zeure buruz asmatu behar duzu zuk nobela bat”. Eta halaxe laga omen zuen albo batera itzulpena eta Leturiaren egunkari ezkutua idatzi zuen.

 

Alphonse Daudeten Aita Gaucherren mistela (1869) daukazue sarean, Txillardegiren esku trebeari esker.

 

Oparoa eta distiratsua izan zenez Txillardegiren artikulugintza, eta genero hau gutxitan hartzen denez kontuan, idazleak berak apailatutako bi bildumei erreparatu diete Susakoek: Euskal Herritik erdal herrietara (1978) eta Gertakarien lekuko (1985)

 

Bi liburuotan 50-60-70. hamarraldietako artikuluak datoz liburu, gehienak Egan eta Zeruko Argia aldizkarietan plazaratuak. Lehendabiziko bildumatik 19 artikulu hautatu dira, adibidez: 1956an idatzi zituen Donostia ta Antigua 1829ean eta Karta idigia, edo geroagokoak: Orixe edo Mirande dituela hizpide.

 

Bigarren liburua osorik dago sarean. Hiru sailez osatuta dago: zientziaren ingurukoak, idazleei eskainiak eta, azkenik, egunean egunekoak deitzen dituenak. 

Exit mobile version