Bilbo Zaharra euskaltegiak Klasikoen XIX. Irakurketa Jarraitua antolatu du ekainaren 4an, ostegunean. Aurten, Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua liburua irakurriko da Arriaga antzokian, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 14:00etara.
Aurten lehen euskal nobela modernotzat hartzen den Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua lanari omenaldia egingo zaio, eta hain zuzen, Txillardegiren figuraren inguruan Bilbo Zaharrak Forumeko jardunaldiak ere antolatu ditu.
Lehenak martxoaren 4 eta 5ean egin ziren Euskaltzaindiaren egoitzan. Martxoaren 4an, bertso-saio literarioa antolatu zen Leire Vargas, Aner Peritz Manterola eta Maddi Ane txoperena idazle eta bertsolariekin. Eta hurrengo egunean, Pako Sudupe idazleak eta Alaitz Aizpuru filosofoak hitzaldia eskaini zuten.
Orain, irakurketaren egunaren aurretik, ekainaren 2an, Irati Jimenezek Txillardegiren itzalaren aterpean izeneko saioa egingo du, eta Edorta Jimenezek Txillardegiren aterkia izenekoa. Biak Euskaltzaindian arituko dira. Hurrengo eguneko topaketan, 3an, Joseba Sarrionaindia eta Markos Zapiain izango dira solasaldi goxoan.
