Nontzeberri

“Txiliku”-ren liburua eta Augustin Zubikarai bekaren irabazlea aurkeztu dituzte

Jesus Mari Olaizola Txiliku-k (Zarautz, 1951) hogeita hiru kontakizunez osaturiko Bizien gaubeilan (Elkar) aurkeztu berri du. Istorio guztiak biltzen dituen kontzeptua hurbiltasuna dela esan du idazleak Antxiñe Mendizabal editoreak idazleari eginiko elkarrizketan.

“Ipuinak irakurtzen dituenak esan dezala antzeko zerbait gertatu zitzaion halakori edo pasadizo honek gogoratzen dit… Eta ipuinak kontatzen badu sinesten zaila den zerbait, kontatzailearen gertutasunak egia-antzeko bihur dezala”, esan dio Txiliku-k Mendizabali.

Hortaz, 224 orrialde hartzen dituzten narrazio horietan autorearen bizipenak ezinbestekoak izan dira. “Egia esate aldera, bizitakoak eta zuzenen entzundakoak pisu handia du liburu honetan”. Izan ere, ahoz kontatzen diren istorioen soinu eta hizkera dute ipuinek.

Hala, kontakizun batzuk idazlearen herri inguruan gertatzen dira, baina beste batzuk kontatzeko, ordea, urrunera jo du zarauztarrak, “Veguellina de Órbigonera, Poloniako herrixka batera, Erromara, Amsterdamera, Suitza eta Frantzia arteko mugako mendietara, Lisboara…”.

“Egia da, ordea, beti dagoela hari luze bat toki horietatik luzatzen dena oso gertu dauden gure herri eta munduetara, eta kontakizunak, nik hala esango nuke, beti du hurbiltasun kutsu hori”, gaineratu du.

Augustin Zubikarai beka

Bestalde, gaur bertan Augustin Zubikarai bekaren irabazle Joxean Agirreren Zwei Frauen (bi emakume) liburua aurkeztu dute Donostian. Aurkezpen ekitaldian autoreak, Xabier Mendigurenek eta Ondarroako Udaleko ordezkari batek parte hartu dute, azken erakunde hori baita Elkar argitaletxearekin batera ekimenaren sustatzaile.

Aipaturiko argitaletxeak ohar bidez jakinarazi duenez, “literaturarekiko eta emakumeenganako pasioek bat egiten dute eleberri honetako protagonista izengabearengan. Gaztetan hasi eta zahartzaroaren atariraino, maite dituen andreekiko hainbat esperientzia eta amodioaren zenbait zoko-moko azalduko dizkigu, lau ataletan zehar, miresten dituen beste hainbat idazleren imitazioak egitearekin batera”.

Liburuaren lehen kapitulua irakur daiteke hemen.

Exit mobile version