BLV-ART’10-Bilbo Zaharra-Kulturarako Zubia, programa abiatuko da gaur. Egitarauak Bilbo Zaharreko mugimendu artistikoa eta kulturala sustatzea du xede. Horretarako abangoardiako adierazpidez beteriko programa atondu dute hilaren 15era bitartean. Bere baitan BLV Polo Artistiko erakusketa dago Artelan Berreginen Museoan ikusgai: “memoria teknologien bidezko memoria ariketa bat da”. 1988az geroztik Bilbon izan diren abangoardiako ekimen eta adierazpideak bildu ditu, tartean, performance, instalazio, eta artistek abiaturiko galeriak. Horretarako, bideoak, argazkiak eta dokumentuak paratu ditu Txema Agiriano. Gaur inauguratuko den erakusketaren komisarioa da, eta berarekin jarri gara harremanetan erakusketaren xehetasun guztien berri izateko.