Nontzeberri

Txapelketak pausuz pausu

Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehen finalaurrekoa Altsasun jokatu da, eta Eneko Lazkozek irabazi du saioa, hortaz, bera da lehen finalista. Norgehiagokan Endika Legarra, Eneko Lazkoz, Erika Lagoma, Xabat Illarregi, Ekhiñe Zapiain eta Oier Lakuntza aritu dira. Eta diogun moduan horien artean Lazkozek lortu du puntu gehien, eta ondorioz, bera da azaroaren 28an Iruñean jokatuko den finalerako lehen sailkatua.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako bosgarren kanporaketa Elorrion jokatu da, eta hor, Imanol Uria nagusi izan da. Taldean Aitor Arrutia Azkueta, Igor Galarza Intxausti, Imanol Arrutia Azkueta, Imanol Uria Albizuri, Iñaki Iturriotz Zuluaga eta Peru de Pedro Larrea izan dira.
Algortarrak, Etxebarriako finalaurrekoan kantatuko du azaroaren 21ean.

Eta Xilaba Txapelketako azken final aitzinekoa Odei Barroso Gomilak irabazi du. Haren atzetik sailkatu dira Patxi Iriart Hiribarren, Egoitz Zelaia, Maindi Murua Berra, Gillen Hiribarren eta Johaine Sarraillet. Ondorioz, erabakita gelditu da zein seikotek kantatuko duen azaroaren 13an Donibane Lohizuneko Jai Alaien ospatuko den finalean: Amets Arzallus Antia, Odei Barroso Gomila, Maddalen Arzallus Antia, Miren Artetxe Sarasola, Maddi Ane Txoperena Iribarren eta Patxi Iriart Hiribarren.

Exit mobile version