Hutsun Txalaparta taldea Zugarramurdiko Sorginen Lezean arituko da larunbatean, hilak 22, 12.00etan, Kultur Jaialdiaren barruan.
Hutsun taldeak hamabi urte daramatza txalapartari eszenatokian eta eszenatokitik kanpo merezi duen lekua ematen. Gaur egun, erreferente bihurtu da bai Nafarroan, bai edonongo txalaparta taldeen artean, eta kontzertu, ikastaro eta emanaldien egutegia beteta du.
Ikerketa eta sorkuntza urte horien emaitza izan zen Baratzean lana (2018ko urria) kaleidoskopio erritmikoa, plazer erritmikoa.
Lan hori ikuskizun bilakatu dute, eta bertan zuraren erritmoak eta harrien melodiak txalapartaren edertasun musikala erakutsiko dute. Denboran zehar bidaia egingo du entzuleak, erritmo eta doinu sinpleetatik bertsio ezagunetara. Inprobisazioak ere bere lekua izango du ikuskizunean, eta hortik instrumentua jotzeko eta ulertzeko modu berriak sortuko dira.
Lan horren ostean Artze (2022ko abendua) izenekoa kaleratu zuten. Marcelo Escrich, Javier Lopez Jaso eta Juanma Urrizak kontrabaxuan, akordeoian eta baterian parte hartu zuten.
