Surf musika instrumentalaz gozatzeko parada ezin hobea izango da larunbatean, martxoak 29, Areetako (Getxo) Mojo Club lokalean; izan ere, estilo musikal hori jorratzen duten bi talde izango dira, Wipe Out Party! izeneko festan: Los Longboards bizkaitarrak eta The Martini Surfers katalanak.
Bi horiekin batera, Rolando Bruno y su Orquesta Midi izango da, Argentinako Los Peyotes garage punk taldeko kide ohia. Gizon-orkestra formatuan arituko da Bruno; askotariko erritmoak jorratzen ditu: cumbia, psikodelia, garage-rocka… Aurten, Cumbia Reaction izeneko EPa argitaratu du.
Bestalde, Alfredo Romero, Jordi Porras eta Ander Bada musikariek osatzen dute Longboards euskal talde surf-rock zalea; iaz Insane izenburuko laugarren lana grabatu zuten, eta askoren usten orain arte argitaratu duten lanik onena da; larunbatean, hain zuzen ere, disko horretako kantuak aurkeztuko dituzte, zeina Jorge Explosion asturiarrak ekoitzi duen.
Amaitzeko, Kataluniako Martini Surfers laukoteak Welcome to Martini Land izeneko EPa argitaratu zuen 2012an. Rock instrumentalaren jarraitzaile sutsuak dira, eta euren artista kutunen artean ondokoak daude: The Shadows, Ennio Morricone eta Brian Setzer Orchestra.