Nontzeberri

Travellin’ Brothers Big Band Tafallan eta Nora Abesbatza Orreagan, “Nafarroako Kultur” ekimenarekin

Aurrera jarraitzen du Nafarroako Kultur 2019 edizioak eta asteburu honetarako ere, gaur Tafallan, Travellin’ Brothers Big Band eta bihar, ekainaren 29an, Orreagan, Nora Abesbatzaren kontzertuak programatu ditu.

8 disko eta 1.000 kontzertu dituzte bizkarrean Travellin’ Brothersek eta 2003ko abendutik gaur egun arte, bata bestearen atzetik egin dituzte birak estatuan, Europan eta AEBetan. Kritika ezin hobeak jaso dituzte kalitatez eta energiaz beteriko euren zuzeneko emanaldiei esker. 13th Avenue SouthTravellin’ Brothersen azken eta zortzigarren diskoa da Tafallan oholtza gainean aurkeztuko dutena. Hitzordua, Tafallako Foruen Plazan izango da 20:00etatik aurrera.

Eta larunbatean, Orreagako elizan 19:00etan, Zangozako Nora Abesbatzarekin izango da hitzordua. Fermin Iriartek 1968an sortutako abesbatzak, ibilbide oparoa egin du eta leku ederretan eskaini ditu kontzertuak, esaterako, Iruña, Salamanca, Malaga eta Sevillako katedraletan; Bartzelonako Generalitatearen jauregian, Nafarroako Unibertsitate Publikoan edo Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean. Baita Europako hainbat hiritan ere: Erroma, Paris, Viena edo Pragan, besteak beste.

Nora Abesbatzaren helburuetako bat historian zehar egon diren Zangozako musikarien ondarea aztertzea eta zabaltzea izan da, eta era honetan, J.F. de Iribarren, L. Elizalde, A. Guerrero, L. Ondarra eta Zangozako beste konpositore batzuei buruzko hainbat disko monografiko grabatu ditu.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuak, Turismo eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan antolatutako egitarauak, aurreko edizioetan bezala, musika du programaren protagonista, folk, jazz, blues, pop, rock eta abesbatzen musika emanaldiekin. Bertan, Nafarroa eta beste autonomia erkidegoetatik etorritako taldeak ez ezik, nazioarteko taldeak ere  parte hartuko dute. Ekimena, irailaren 7ra arte luzatuko da, eta 35 musika eta dantza jarduera jasoko ditu.

Programazioa eta informazio osoa, hemen.

Exit mobile version