Nontzeberri

Trantsizioa eraikitzeko erabili zen indarkeriaz

Frankismoaren eta trantsizioaren garaian Brigada Politiko-Sozialak atxilotutako pertsonei egindako torturengatik Antonio Gonzalez Pachecoren (ezizenez Billy El Niño) biktimen benetako testigantzak bildu ostean sortu zen Homenaje a Billy El Niño antzezlana, joan den 2022ko martxoan estreinatu zena, eta memoria historikoaren aldeko ariketa bat osatu duena.

Ruth Sanchez eta Jessica Belda dira Argentinan (Espainian ezin baitira epaitu) frankismoko krimenen aurka irekitako auziaren dokumentazioan oinarritzen den gidoiaren arduradunak. La Sección: Mujeres en el fascismo español eta Españolas: Franco ha muerto lanen ostean, egileek diktadurari eta haren ondorioei buruzko trilogia bat osatu dute Homenaje a Billy El Niño lanarekin. Euren hitzetan: “Trantsizioa eraikitzeko ere erabili zen indarkeria guztia ikusaraztea izan da ardatza.”

Bertan, kontatzen dena gogorra izan arren, testua “ironiaz beteta dago eta, generoen konbinazioari eta antzerki-hizkuntza berrien erabilerari esker, ikuskizunak musika-pasarteak, kabaret-dantzak eta satiraren berezko umore lehor horren uneak ere biltzen ditu. Horrela, poliziak erabilitako arma bat dantzari sexy bihurtzen da eta torturak agertzen dituen cuplé sarkastiko bat abesten du, edo torturen lekuko den erradiadoreak bakarrizketa bat egiten du.”

Lanaren antzezle-zerrendan daude Eva Redondo zuzendaria bera, Jesus Barranco eta Antonio Gómez; azken hori Billy El Niño da eta beste biak hainbat pertsonaia antzezten dituzte txandakatuz.
Ostiral honetako emanaldiaren ostean, Bilboko BBK Salak bere Desmuntatzeak saioetako bat izango du, eta solasaldi horietan agertokian ikusitakoari buruz berba egiten dute ikusleek eta konpainiak.

Pieza ikus nahi baduzue, gaur, ekainaren 23an, 19:30ean, oholtzaratuko da Bilboko BBK Aretoan.

Exit mobile version