Nontzeberri

Transilvaniatik Euskal Herrirako bidea hilkutxa batean

Klasikoek gure antzinako esentziekin harreman zuzenean jartzeko gaitasuna dute. Amaigabeko beldurrak eta pasioen lurraldeetara eramaten gaituzte,  gure aurreko belaunaldiek gainditu ezin izan zituzten beldurrak eta pasioak, hain zuzen. Gure ahuleziei ikuspuntu historikoa ematen diete. Gure besaulkietan poltsikozko edizioekin emozionatu eta beldurtu egiten gara, gure etxeak eta gure galtzerdi lodiek eskaintzen diguten intimitateak babesturik. Baina batzuetan ez da nahikoa. Eta kalera ateratzen gara, poltsoa besapean, emozio eta beldur horiek era katartiko batean bizitzeko grinaz. Gaur antzerkira joango gara, beldurra pasatzera, benetako beldurra, beldur autentikoa, betikoa; gaur Bram Stokerren Dracula ikustera joango gara.

Iraya Produccionesek inoiz hiltzen ez den klasiko hau, Dracula, hilezkorra hilezkorren artean, Nafarroara eta Bizkaira ekarri du, estatu osotik bere aurreko antzezlanarekin, La mujer de negro, genero berean arrakasta handia lortu eta gero. Mitoa, bere estilo garbienean berreskuratzen dute. Gaur egun zinemetan ikusgai dauden jeansak janzten dituzten gogogabeko gazteen bertsio erromantikoetatik aldenduz. Bertsio honek giro gotiko eta soilean kokatzen gaitu,  non gehienezko jabetzaren desioak ez baituen uzten sentimentaltasunerako lekurik. Van Helsing (Emilio Gutiérrez Caba) bakarrik dago eskenatokian, istorio sinesgaitza kontatzera datorkigu. Triste dago bere alaba istorio honetan hiltzen delako, baina edozelan ere egiten du, Bram Stokerrek hala eskatu zuelako. Izan ere, 1897ko maiatzaren 18an, bere eleberria argitaratu baino zortzi egun lehenago horrelako irakurketa publikoa egin zen egilearen eskubideak babesteko.

Emilio Gutierrez Caba eta Ramon Langaren ahotsak zuzenean entzutea berez bada merezi duen esperientzia (nahiz eta Langaren ahotsa Gayarrean entzuten dugun bakoitzean, Bruce Willis* tiroka sartuko delako ideia burutik ezin kendu). Aktoreek publikoaren ikararekin disfrutatzen dute. Gutierrez Cabak berak aitortzen duen bezala “antzerkian bizi den beldurra zineman bizi dena baino handiagoa eta zuzenagoa da”.

Van Helsing bere lagun mina den Seward doktorearen psikiatrikora joaten da, Londonetik oso gertu. Bere alaba, Lucy,  hil berri da era misteriotsuan. Orain Mina da, bere lagunaren alaba eta Jonathan Harkerren neskalaguna, arriskuan dagoena. Beraien aurrean Errumaniatik ailegatu den Dracula konde zuhurra bizi da. Bere azkenengo bisitak etxeko ezbeharrekin harremanduta omen daude baina zientzialariek ez dituzte banpiroen eleberriak inoiz irakurri eta beraz ez dakite zeren aurrean dauden.

 Aldez aurretik suspensea nagusia den istorioaren nondik norakoak ezagutzeak, publikoaren eta ikuskizunaren arteko loturaren intentsitatea apurtu dezakeela pentsa daiteke. Baina hori ez da gertatzen Dracula ikustera joan den publikoarekin. Publiko hau beste zerbaiten zain dago. Beldurra pasatu nahi du, butaketan salto egin nahi du, sosegurik ezarekin disfrutatu nahi du lagunartean. Klasikoen bermea dauka. Ezin du ezerk huts egin.

Gidoia aurrera doa. Lebitazio eta okultismo trikimailuei esker, ikus-entzuleek elkarri begiratzen diote, irribarre asearekin. Oraindik gai gara ezustean erortzeko. Aktoreek pertsonai berdinak interpretatu zituzten, eta aktoreekiko ez-justuak eta saihestezinak diren konparaketei aurre egiten diete.

Mina inozoak pixkanaka basapizti bilakatzen da. Dracula kondeak bere pasioen gero eta esklaboagoa da.  Giroa zerratu bihurtzen da. Amaiera hurbiltzen da. Kriptara ailegatzen gara. Estaka batek gure istorioa akabatzen du. Dracula ere hiltzen da, klasikoak bizirik irauten duen bitartean. Antzokiak txaloka eztanda egin baino lehen esaldi bat airean gelditzen da. Esaldi horrek etxera eramateko bilatzen genuen sentimendua pizten digu: “Kontuz zuen ohearen azpian topatu dezakezuenarekin. Istorioa inoiz ez baita hemen bukatzen”.

* Ramón Langa ezaguna da bikoizketa aktore bezala, besteak beste, Bruce Willisen ahotsa delako hegoaldean.

Exit mobile version