Nontzeberri

Tokiko jazzerako hilabetea Iruñean, “Urtarrijazz” ekimenarekin

Nafarroako musikarien jazz zikloak, Urtarrijazzak, 2024 urteari emango dio hasiera Sanduzelaiko Civivoxean. Hil honetan makina bat kontzertu eta hitzaldi antolatu dira.

Lehena, 12an izango da, Silent Trío taldeak 10 Urte Charlierik Gabe izeneko kontzertua egingo du, Charlie Hadenen omenez (1936-2014). Charlie Edward Haden jazz kontrabaxu-jotzailea izan zen. Bere-berea zuen interpretatzeko modu lirikoa, soinu paregabea eta sen berezia erritmorako. Hori dela eta, XX. mendearen amaierako eta honen hasierako musikaririk errespetatuenetako bat izan zen. Gainera, konpositore nabarmena izan zen eta proiektu garrantzitsuak gidatu zituen; horregatik esaten da inoizko jazzmanik handienetakoa izan dela. Bere heriotzaren hamargarren urteurrenean, Charlie Haden gogoan, Silent Tríok (Alberto Arteta (saxo tenorra eta sopranoa), Luis Giménez (gitarra) eta Marcelo Escrich (kontrabaxua) kontzertu berezia egingo du.

Hilaren 13an, Jean-Marie Ecay Tríok kontzertua eskainiko du. Protagonistak 80ko hamarkadaren hasieran heldu zion ibilbide profesionalari (Itoiz, Orquesta Mondragón…) eta, Angel Celadarekin batera La Noche fusion jazz taldea sortu zuen. Hirukoteak Jean-Marie Ecayren konposizioak eta jazzaren estandarrak joko ditu. Jazz ireki eta eklektikoa da, konprometitu eta herrikoia.

Eta igandean, hilak 14, beste kontzertu berezi bat gauzatuko da: Bidai on Amona Braulia!  Sarahk bere Amona Brauliaren egunerokoa irakurriko du, Estatu Batuetara bidaiatu zuen bateria jole izan zena, eta eguneroko horren bitartez ezagutuko dituzue bertan bizitako pasadizoak musika modernoaren historian murgilduz. Dixie, blues, gospel, swing, bebop eta bestelako musika estiloen ezaugarri eta anekdota dibertigarriak ezagutuko dituzue.
Jazzbana Ensemble antzerkia eta musika batzen dituen ikuskizun didaktikoa da. Taldearen helburu nagusia ikusleek bi arte horien bitartez disfrutatzen ikastea da.

Handik aurrerako kontzertuak zeintzuk diren jakiteko, egin klik hemen.

Exit mobile version