The Zeros AEBetako punk rock talde klasikoak Bilboko Kafe Antzokian joko du irailaren 20an. Mexikar jatorria duen taldeari Mexikoko Ramones ezinena jarri zioten, New York hiriko laukotearen antzera maisuak zirelako punk, pop eta rock-and-roll estiloak uztartzen; horren erakusle Don’t Push Me Around doinu ezaguna.
Kaliforniako laukotea 1976. urtean eratu zen Chula Vista hirian, eta urtebete geroago lehendabiziko kontzertua eman zuen The Germs eta The Weirdos punk bandekin. Urte berean Bomp! zigilu klasikoak Wimp eta Don`t Push Me Around kantuak biltzen zituen singlea argitaratu zuen. 1979an, halaber, Beat Your Heart Out eta Wild Weekend kantuak plazaratu zituen diskoetxe berak zazpi hazbeteko bigarren single batean. 80ko hamarkadan, baina, taldeak jotzeari utzi zion. Taldea honako musikari hauek osatu zuten: Javier Escovedo (ahotsa eta gitarra); Hector Penalosa (baxua); Baba Chenelle (bateria), eta Robert Lopez El Vez (gitarra).
Azken hiru hamarkadetan munduko rock-and-roll talde ugarik aldarrikatu dute The Zerosen ondarea, eta bere kantuak makina bat taldek egokitu dituzte, tartean, The Nomads suediarrek.
Azkenik, 2009. urtean taldeak berriro elkartzea erabaki zuen eta bi urtez kontzertuak ematen egon ondoren, irailaren 20an Bilbon izango da.