Londres hiriko hirukote rock’n’pop zalea gurean arituko da asteon diskoa aurkezteko asmoz: asteazkenean, Bilboko Kafe Antzokian, eta ostegunean, Donostian, Convent Garden eraikineko kriptan.
Jonny Helms (bateria), Dave Tattersall (gitarra eta ahotsak) eta Franic Rozycki (baxua) dira The Wave Pictures, eta oraingoan, Bamboo Diner in The Rain (Moshi Moshi) diskoa aurkeztera datoz gurera, iaz, biziki miresten duten Billy Childish musikariarekin Great Big Flamingo Bruning Moon grabatu ostean, 2015ean. A Season In Hull lan akustikoa ahaztu gabe, zeina 2016an plazaratu zen.
Aurten, gainera, britainiarren talde kutun Dr. Feelgooden kantuak jasotzen dituen Canvey Island Baby hamar hazbetekoa plazaratu dute, Espainiako Acuarela diskoetxearen bidez.
Izan ere, The Wave Pictures oso talde emankorra da. Hala, 2004an, Not On Label, Luv-a-Lot Records grabatu zutenetik, jo eta su aritu dira diskoak argitaratzen eta kontzertuak egiten. Halere, adituenek Instant Coffee Baby (2008) eta City Forgiveness (2013) azpimarratzen dituzte, iraupen luzeko 20 disko inguru biltzen duen diskografian, single, EP eta bestelako lanak zenbatu barik.
Hirukoteak “musika robotikoaren” aurka aritzen da, naturaltasuna aldarrikatuz. Bilboko Kafe Antzokiaren arabera, “The Wave Pictures bitxiak dira: indie rock eraginik gabeko indie rock banda bat da”.
