Nontzeberri

“The Quiet Man” klasikoa, pantaila handian

Arrebato Zinemak Pantaila Handiko Klasiko izeneko zikloaren hirugarren edizioa ondu du, Bilboko BBK Aretoan. Guztira, sei film klasiko pantailaratuko dira, jatorrizko bertsioan, gaztelaniazko azpidatziekin.

Hala, iragan astean, Michael Curtiz zinegileak, 1942an estreinatutako Casablanca lan mitikoa programatu zuten. Asteon, halaber, John Ford-ek zuzendu eta John Wayne-k eta Maureen O’Hara-k antzeztutako The Quiet Man (1952) ezaguna emango dute, bihar, hilak 27.

Kutsu kostunbristadun filma da Ford maisuaren klasikoa, eta irlandar batek bere herrialdeaz duen ikuspegi idilikoa biltzen du. Sean Thornton (John Wayne) gizon lasaia da, eta duela 12 urte utzi zuen bere jaioterria, AEBetara joateko, baina orain, Irlandara itzuliko da; hain zuzen ere, Innisfree herrira. Bizikidetza, baina, ez da batere idiliko izango, izan ere, istiluak izango ditu bertako bizilagunekin. Horrekin batera, maitasunezko istorio gorabeheratsua ere biziko du, Mary Kate Danaher (Maureen O’Hara) emakumearekin.

Otsailean beste bi hitzordu klasiko izango dira: 2an, Yojimbo (Akira Kurosawa, 1961) eta 4an, Rebel without a cause (Nicholas Ray, 1955).

Azkenik, martxoan ere beste bi zita izango dira, BBK Aretoko pantaila handian: 2an, Raoul Walsh zinegilearen White Heat (1949) noir filma eta 3an, Elia Kazan zinegileak zuzendu eta Marlon Brando aktoreak antzeztutako On the Waterfront (1954).

Informazio gehiago: salabbk.es.

Exit mobile version