Emo-core izenarekin ezaguna izan zen estiloaren baitan The Get Up Kids banda ezaguna eta arrakastatsua da oso. Gaur Donostian joko du Zarautzeko Mantisa taldearekin batera, DOKA aretoan, 20:30ean.
Kansaseko boskoteak 2005. urtean eten zuen bere ibilbidea, alegia, taldearen gailurrean. Dena dela, berriro itzuli dira errepidera eta gaur gurean izango dira There are Rules izenburuko diskoa aurkezten.
The Get Up Kids 90eko hamarkadaren erdi aldean eratu zen. Aurretik, Kingpin eta Secret Decoder Ring taldeetan aritu ziren. Four Minute Mile estreinako lanak 40.000 ale saldu zituen, eta 2004. urtean azkeneko lana argitaratu zuten, Guilt Show, trasteak utzi baino lehen. 2005. urteko uztailaren 5ean euren azken kontzertua egin zuten Kansas Cityn eta iaz lehen aipaturiko The are no Rules lana plazaratu zuten. Azken disko horretan aldaketa estilistikoa gertatu da, egun euren proposamena post-punk eta new wave doinuetara gerturatu baita.
Mantisa, berriz, Zarautzen eratu zen 2004an. Euskal Herriko hardcore esparrutik abiatuta, Iosu Gonzalez (ahotsa eta gitarra), Ganix Illarramendi (gitarra eta ahotsa), Iñigo Azkue (baxua) eta Iñaki Castrok (bateria) osatzen dute banda. Estreinako lana Iosu Gonzalezek grabatu, nahastu eta masterizatu du, hain zuzen, taldeko abeslari eta gitarristak, eta Iruñeko Gor diskoetxeak argitaratu du.