Mikelazulo kultur elkarteak Eztena teatro egunak ekimena antolatu du bihartik igandera bitartean Errenterian. Antzerkilarien eta antzerkizaleen arteko topagune izan nahi du. Hiru egunetan hainbat formatuko ekitaldiak egongo dira: pieza laburren erakustaldia, kale ekintza kolektiboak, emanaldiak, eta mahai-inguruak. Aurtengoa ekimenaren hirugarren edizioa izango da.
“Aurtengo Eztena jaialdia antzerki proposamen finez beteta dator. Gure errealitate poliedrikoaren ispilu ederrak, mugiarazten duten antzerki-ziztadak. Klown, bufori eta komediantez inguratuta egongo gara batez ere aurten, barre egiteko beharra ere badugulako! Gora algararen iraultza!”.
Hala, bihar, 19:00etan, sortze bidean dauden lanak aurkeztuko dituzte Piezak izenburupean: Zutani (Erika Olaizola), Por qué te vas (Patricia Franco/Espe Lopez), Arra Arraroa (Iñigo Ortega/Oier Guillan), Recuerdos (Judith Poves) eta Izarretako Bitakora (Mikel Martinez) piezak.
Etzi, berriz, 12:00etan, herriko kaleetan inprobisatutako kale ekintza performatiboa egingo dute. Geroago, 18:00etan, Edurne Agirrezabalak sortu eta antzezturiko Sarean zintzilikatua obra ikusi ahal izango da Xenpelar Etxean. Larunbateko egitaraua amaitzeko, 20:00etan, Mikelazulon, Los Pardos klown antzezlana izango da Que par che konpainiaren eskutik.
Igandeari dagokionez, 10:30ean, gosari-tertulia egingo dute Mikelazulon eta Hamaika aktore autore bila gaia jorratuko dute. Bertan honako hauek izango dira: Arantxa Iturbe kazetari eta antzerki idazlea, Borja Ruiz antzerki sortzailea (Gaitzerdi-Kabia) eta Pablo Barrio idazlea eta Manex Fuch, Le petit theatre de pain taldeko kidea.
Bazkari orduan, gainera, 14:00ak bueltan, Ander Lipusek, Sustrai Colinak eta Unai Elizasuk Erregea eta Bufoia antzezlan hibrido eta umoretsua antzeztuko dute; bazkaltzeko aukera ere izango.
Informazio gehiago hemen.